martes, 7 de febrero de 2012

martes, 31 de enero de 2012

BOTTICELLI eta Udaberria

Martxoaren 21.an egunak eta gauak iraupen berdina dute. Venus eta eguzkia elkarren ondoan jartzen dira udaberrian, lurra berotzen duen argizagia martxoaren bukaeran zodiakoaren hasierara itzultzen delako.
Greziako mitologiak zioen udaberriko ("lamiek larrean batzarre"-Lete) jainkosak bere oinak jartzen zituen tokian belarrak eta loreak sortzen zirela. Hegan egiterakoan, berriz, usoak (jainkosaren txoria) eta txantxangorriak zituen lagun. Venusi ez omen zitzaion inoiz edertasunik faltatzen, urtaro bakoitzean bere edertasuna berritzen zuelako. Gainera, bere jagoleek itsasoan bainatzen zuten udaberriro eta erabat indarberritua ateratzen omen zen uretatik.
Erromatar mitologian Venus jainkosak sinbolizatzen zuen udaberria eta Greziakoan berriz  Afroditak. Udaberriko jainkosa hau Uranoren esperma itsasoko olatuen aparrarekin nahastean jaio zen. Bizitzaren indarrak, lehenak, ilargi berriari esker bereganatu zituen. Maitasuna eta edertasuna ziren bere onbideak. Hau guztia Citerea (Txipre) irlako inguruetan  gertatu zen.

Botticelli-k (greziar  berpistuta Ruskinen hitzetan) udaberriaren gaiaren inguan bi koadro famatuak pintatu zituen Florentzian:



1) "Udaberriaren alegoria" (1477-78). Galleria degli Uffizi. Egurraren gaineko tenplea.Obra hau Uffizitarren (Medicitar Lorentzo Magnifikoaren lengusu-lengusinak) Villa di Castelloko areto bat apaintzeko enkargua izan zen.
Interpretazio hirukoitza du:
a) Venusen mitoaren bertsio neoplatonikoa. Marsilio Ficinok Florentzian dibulgatuta Medicitarren Akademian "Humanitas" moduan. Venus eta "Humanitas" gauza berbera ziren, edertasuna, batasuna, ongia, izadia eta zibilizazioaren arteko oreka, gizakiaren armonia. Maitasun ideala edo izpirituala adierazten saiatzen da Botticelli.

b) Garaiko gaia:  Simoneta Cattaneo Vespucciren heriotza (+1476)  eta  Medicitar Julianoaren maitasunaren alegoria. Eskumaldean Heriotzak, Zefiro zurbilak, Simoneta  harrapatu du baina birjaio da Eliseoan, Paradisuan eta  koadroren erdialdetik  udaberriak dakarren izadiaren emankortasunari begira dago, haurdun bera ere. Gainean Kupido, sexu bikoitzeko haurra amodioaren geziarekin eta, beste ertzean, hiru graziak: maitasuna, alaitasuna eta jaiaren sinbolo giza eta Merkurioak zeruko lainoak kentzen.

c)Nekazal fertilitatearen egutegia dela: Zefiroetatik Merkuriora, Otsailatik Irailera zazpi hilabeteen alegoriak, neguko lehen ereintzatik udako azken ustara.





2) "Venusen jaiotza" (1485). Galleria degli Uffizi. Lientzoaren gaineko tenplea.
Alegoria mitologikoa, Ovidioren obran inspiratuta. Mentalitate mediebala gaindituta lenengo gorputz biluziak azaltzen dira obra piktorikoetan. Giza gorputza artistaren arreta zentroa dugu, paisaia bigarren mailako elementoa da
Zefiroak, mendebaldeko haize gozoak, Flora ninfari eragiten dio eta hau, lorez gainezka udaberri bihurtzen da. Haize-bizitzaren suflada jasotzen Venus jainkosa maskorraren gainean zutik eta hile horailak harrotuta azaltzen da itsasoaren erdian, mitoari dagokion moduan. Jeinuen eraginez uretan sortu omen zen bizitza. Arrosak eta anemonak ditu inguruan izadiaren bizi indarberritzea adierazteko.

Bi koadroetan jabeak ditugu  onirismoa, misterioa, erotismoa, sensualitateak ... Mugimenduz, lirismoz eta sinbolismoz beteriko obrak dira Botticelliren bi hauek. Marraskilari geniala, teknikoki perfektoa. lerro dinamikoaz apasionatuta, forma ondulanteaz maiteminduta.
Leonardo berak esan zion moduan Botticelliren pintura poesia mutua da.